XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TXEPETXA

Txikienetarikoa dugu geure lurraldeetako txoriño hau.

Baina, ttikia izan arren, zalapartari eta bihurria benetan! Ikustekoak izaten dira, honek egiten dituen itzulipurdiak, buztantxoa tente tente, geldirik egon ezinik! Berritsu porrokatua, bere garrasi eta txistuz, ozenki jakin erazten du, zomorro bila zein sasipetan dabilen.

Berarengana hurbiltzen bagara, ez da gehiegirik izutuko.

Txori hauen artean, arrak egiten du habia.

Otsailean hasten da habiagintzan, eta gero emaztegaiaren bila joaten da.

Ondoren, emeak bere gustura atontzen du habiaren barru aldea, eta bospasei arraultze erruten ditu.

Bikote bakoitzak bi kumaldi ohi ditu, eta gero familia osoa gure lurraldeetan geratzen da urte osorako.

LANDA ZABALETAKO TXORIAK

Aurrera goaz geure ibilaldian.

Baratze eta zuhaiztiak atzean utzirik, soro eta zelaietan zehar abiatuko gara.

Txorien urratsei jarraikiz, basorako bidean.

Landa zabaletako belardietan, zenbait txoriren deadar eta kantuek liluratu gaituzte.

URRETXINDORRA

Txorietan, kantaririk onena dugu hau.

Itxuraz eta janzkeraz oso apala dirudi.

Lumak gris-gorriskak ditu gaineko aldean eta zuriskak beheko aldean.

Udaberrian etortzen da gure lurraldeetara, aurreko urtean egondako elordira.

Habia sasi artean egin ohi dute, lurretik hurbil, belar lehor eta goroldioz kanpotik, eta artilez barrutik.

Aita-amak txandaka berotzen dituzte urdin-berde koloretako arraultzeak; eta ausartzia handiz babesten dituzte, etsaiak hurbiltzean.